XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Descartes-ek onar lezake gogotik horrelako iritzia, zeren uste baitu Izpiritua edo Pentsamendua garunaren parte jakin bati, hots, pineala deitu guruintxoari datxekiola bereziki. Honen bitartez Izpirituak sendi litzake Gorputzean gertatzen diren mugimendu guztiak eta kanpoko objektuak eta hau bera Izpirituak alde askotara mugi dezake bere gogo soilaren arabera.

Eta gainera, haren ustetan, delako guruintxoa garunaren erdian zintzilik dago, animali izpirituen demendreneko bultzadak mugitzeko gisan.

Bestalde, animali izpirituen bultzadek jotzen duten bezainbat gisatara egokitzen da garunaren erdian zintzilik dagoen guruintxoa eta hari buruz animali izpirituak bultzatzen dituzten kanpoko objektu bezainbat aztarna ezberdin inprimatzen dira haren baitan eta, horrela, geroxeago, guruintxoak hara eta hona darabilan Izpirituaren gogara hartzen badu aitzinean hara-hona zebiltzan animali izpirituen eraginaz zeukan egoera, orduan, guruintxoak berak animali izpiritu haiek eragotziko ditu eta determinatuko aitzineko egoeran eragozten zituen bezala.

Bestalde, pentsatzen du Izpirituaren nahi izate bakoitza guruintxoaren mugimendu jakin bati lotzen diola Naturak, hala nola, urruneko objektu bati nahi badiogu begiratu gure nahiak eraginen du begi-niniaren irekitzea, haina pentsatzen baldin badugu bakarrik begi-ninia ireki beharko dela, debalde izanen da horren nahi izatea, zeren eta Naturak ez baitio lotu animali izpirituak begiko zainari buruz bultzatzen dituen guruinaren mugimendua, begi-niniaren irekitzeko edo Ixteko gisan, begi-niniaren irekitzeko edo ixteko nahi izatean, baina bai urruneko edo hurbileko objektuak begiratzeko nahiari.

Azkenean, pentsatzen du oraino, gure biziaren hastapenetik Naturak lotu baldin badio ere gure pentsamendu berezi bakoitza guruintxo pinealaren mugimendu berezi bakoitzari, beste zenbait pentsamendu eratxikitzen ahal zaizkiela halere haieri ohituraren indarrez; frogatu nahi duen bezala Izpirituaren Pasioen 1. Zatiko 50. Artikuluan.

Eta hortik ateratzen du nehongo Izpiriturik ez dela, nahi bezain ahula izanagatik, bere Pasioen absolutuki menperatzeko ahalmena, ongi bideratuz geroz, erdiets ez dezakeenik. Pasio hauek, ezen, haren definizioen arabera, Izpirituaren hautemateak dira edo sentipenak edo hunkipenak, hari bakarrik dagozkionak eta (Nota bene) izpirituen mugimendu batzuek sortzen, hazten eta indartzen dituztenak (ikus Izpirit. Pas. 1. Zat. 27. Art.).